Eibarren AKEBAI-k Euskararen Nazioarteko Eguna babestu eta eibartarrekin batera euskerari eskua eman dio

Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta Eibarren ere ederto ospatu genuen, ‘Emon eskua euskeriari’ goiburuari jarraituta, egun osoko egitarauarekin. Aurtengo berritasunetako bat Eibarren AKEBAI plataformak ekimenari eskaini dion babesa, bai arlo logistikoan, bai ekonomikoan izan da.

Guinessean egin zen bezala, auzoetatik (Urkizutik, Ipurua-Urkitik eta Amaña-Legarretik) irten ziren kalejirekin hasi genuen eguna, eguerdian, eta denak Untzagan elkartu ondoren eskuak margotu eta horma-irudiak osatu zituzten eibartarrek, kantu eta kantu artean.

Ondoren egin zen herri-bazkarian 400 lagun elkartu ziren Untzagako karpan eta, bazkalostean, Parrapas erromeria taldearen erritmora dantzatu zuten haur zein nagusiek.

Eta, eguna biribiltzeko, Eibar kirol elkarteak Ipuruan partidua zuela aprobetxatuta, euskera eta aurtengo jaiaren goiburua zelairaino eramatea lortu genuen, taldeko jokalariek ere Euskeraren Egunarekin bat egin eta pankarta zabaldu zuten eta.

Euskeraren Egunean egindako argazkiak eta bideoak ikusi nahi badituzue, …eta kitto! astekariak bere webgunean (www.etakitto.eus) ikusgai ipini ditu. IKUSTEKO HEMEN KLIKATU.