Soraluzeko “Soragarriak” irabazle, Debabarreneko Euskararen Ginkanaren 1. edizioan

Debako “Sonakay” eta “Martintxo arrantzale” eta Eibarko “Ginkanklinak” berdinduta geratu ziren 2. postuan

Giro polita izan zen atzo Coliseoan Euskararen Ginkanaren final handian, Andrea Covadonga eta Andrea Garcia bikote eibartarraren gidaritzapean.

Euskararekin eta euskaraz dibertitzeko lehiaketa honetan, Debabarreneko ikastetxeetako 21 taldek hartu dute parte. Internet bidezko 4 proba burutu ondoren, puntu gehien lortu zuten 4 taldeak pasatu ziren finalera. Eibarko “Ginkanklinak” taldea zuzenean sailkatu zen, eta Eibarko beste talde bat, “CD Urki”, Debako “Sonakay” taldearekin iritsi zen berdinduta, 4. postura.

Atzokoan, beraz, berdinketa hausteko proba bat gaindu behar izan zuten bi taldeek, finalean zein sartuko zen erabakitzeko. Sonakayk irabazi zuen. Finalean, beraz, lau talde hauek aritu ziren lehian: “Martintxo arrantzale” (Deba), “Ginkanklinak” (Eibar), “Soragarriak” (Soraluze) eta “Sonakay” (Deba). Finala girotzeko eta taldekideak animatzeko, gelakideak izan zituzten aretoan, eta ondo baino hobeto egin zutela esan behar.

Finala hasita, 4 proba burutu behar izan zituzten taldeek. Lehiaketaren 1. fasean, hizkuntza ekologiaren eta hizkuntza aniztasunaren inguruan landu zituzten hainbat gairekin zerikusia zuten probak izan ziren. Horrela joan ziren puntuak irabazten. Amaieran, talde bakoitzak eskuratutako puntuak zenbatuta, Soraluzeko “Soragarriak” taldea izan zen aurtengo irabazlea; 800 € eskuratu zituen ikas-bidaiarako. Beste hiru taldeak puntutan berdinduta geratu zirenez, 2. saria (200 €) eta 3. eta 4. sariak (100 €-ko bi bono Eibarko Merkataritza Gune Irekiko dendetan gastatzeko) denen artean banatzea erabaki zen.