Eibarren Akebai

(texto y díptico en castellano en este PDF)

Eibarko Udalak “Eibarko Hiriaren Euskararen Plan Estrategikoa” onartu zuen 2016-2025 epeadirako. Plan Estrategiko hori 50 herritarren parte-hartzearekin diseinatu zen, EMUNen gidaritzapean. 2016 amaieran adostu ziren oinarriak eta 2017an jarriko da martxan. Horretarako hainbat bilera antolatu dira azken hilabeteetan Eibarren, eta 50 laguneko foro horrek hartu ditu orain arteko erabakiak.

Plan horren helburu nagusia da, Eibarko herritar, eragile, elkarte eta erakundeak aktibatzea eta saretzea, 10 urteko epean Eibar euskaldunago bat izan dezagun, fokua, batez ere, Eibarko gazte eta haurren eremuan jarrita. Beharleku horretan, eibartar guztiok izan beharko dugu protagonista. Udalak egitasmo hau 10 urtez sustatzeko konpromisoa hartu du, baina hemendik aurrerako lanak eta ardurak eibartar guztionak izango dira. Aukera historiko hori aprobetxatu behar dugu, guztiok bat egin, eta erronka horri eutsiz. Langintza horretan buru belarri inplikatu beharko gara, gehienbat haur eta gazte giroko eragileak. Eta euskaraz funtzionatuko duten erabilera-eremuak sortzea izango da datozen urteetarako iparra, hiztunak motibatzeko, irabazteko eta trinkotzeko.

Helburuak lortzeko, egitasmo ireki eta parte-hartzaile bat sortu nahi dugu, sendoa bezain zabala, berria, ilusionantea eta anbiziosoa, erronka puntu bat ere izango duena eta aukera historiko hori aprobetxatzeko aukera emango diguna. Denon ahaleginak eta indarrak batzeko unea da, helburu bakar batekin: gure herria euskaldunago egitea, hain zuzen ere. Ondo antolatzea izango da garrantzitsuena, talde-lana ezinbesteko bilakatuz.

Parte- hartze irekia da. Eibartar guztiak daude gonbidatuta. Zatoz zu ere! Jaitsi diptikoa (PDF, 2 Mb).

Nola?

Gure helburuak lortzeko, diskurtso bat eta “marka” bat sortu behar ditugu. Horretarako, ezinbestekoa izango da gure esperientziaz baliatzea. Eibarko herritarrek dagoeneko badute euskarari eta euskal munduari buruzko aurreiritzi bat. Aurreiritzi horien alderdi positiboei eutsi egin beharko diegu, eta hain positiboak ez direnak iraultzen saiatu beharko gara. Gainera, markaren eraikuntzan, euskararekin zuzenean lotzen ez diren beste ezaugarri batzuk ere sartzea komeni zaigu, besteak beste, eibartar sentitzearen harrotasunaren aldarrikapena, edota herri hobea eraikitzeko aukera dugula, herriko eragile sozialak saretu eta aktibatzea onuragarria izango baita, berez, herri osoarentzat.

ILUSIOA

  • Proiektu ilusionantea eta anbiziosoa izango da.
  • 10 urteko plangintza sendo bat da Eibar euskalduntzeko. Une historiko baten aurrean gaude.
  • Kideei konpromiso bakarra eskatuko diegu: espiritu positibo eta eraikitzailea izan dezatela, besterik ez.
  • Proiektu berri bat da, eta proiektu berri horretarako aurpegi “berriak” beharko ditugu.

PARTE-HARTZEA ETA ELKARLANA

  • Proiektua eibartar guztiona izango da, zabala eta anitza. Ez da pertsona eta ideia bakar bat ere baztertuko.
  • Talde-lana eta ekipo filosofia izango dira oinarria.
  • Giro ona sustatuko dugu; proiektuak ere jai giroa izango du beti iparrorratz.
  • Herrikideekin harremanak estutzeko aukera emango du.
  • Konfiantza giroan eta gardentasun osoz egingo dugu.

ERREKONOZIMENDUA / LIDERGOA

  • Zure arloan eragin ahalko duzu, arduratzen zaituen arlo horretan.
  • Herrian aktiboak eta eragileak diren pertsonen errekonozimendua sustatu nahi dugu.

HARROTASUNA / HERRI IZAERA INDARTZEA

  • Eibarren izaeraren parte izan da beti euskara; berezko hizkuntza du, eta galdutako lekua berreskuratu behar du. Ez dezagun ahaztu, ez dezagun galdu.
  • Eibartarrok beti harro egon gara geure hizkeraz.

EUSKARAREKIN GUZTIOK IRABAZLE

  • Euskara eremu guztietan indartuta guztiok irabazten dugu, ez du inork galtzen.
  • Zerbitzua euskaraz eskaintzea zerbitzuaren kalitatea areagotzea da. Euskara dakigunok balio bat dugu, plus bat, erabil dezagun.
  • Euskara gure herri nortasunaren elementu garrantzitsua da, bereziago egiten gaituena. Eutsi diezaiogun!

 

Nork?

Guk geuk. Nork bestela! Saretze eta aktibazio lana egiteko, Eibarren AKEBAI BATZARRA sortuko dugu, non eibartar guztiei emango zaien parte-hartzeko aukera. Bertako kide izango dira egitasmo honekin bat egiten duten herritar guztiak, izan maila pertsonalean edota elkarte/erakunde baten ordezkari gisa. Guztira 80-100 AKEKIDE inguru izan nahiko genituzke hasiera honetan; gerora, ahalik eta gehien.

Batzarra parte-hartzailea izango da, konfiantza giroa sustatuko duena eta kideek bere sentituko dutena. Bere funtzioa: batetik, Euskararen plan estrategikoan zehaztutakoak modu sortzaile eta ezberdinean gizarteratzea eta, bestetik, plan horren jarraipena egitea eta iritzi eta proposamenak ematea.

AKEBAI egitasmoak, batzar horretaz gain, alor ezberdinetako MAHAIAK ere izango ditu. Hasiera batean lehentasunezko gisa aurreikusten dira lau hauek: familia, hezkuntza, kirola eta kultura. Hortik aurrera, nahi beste mahai sortuko dira, Kideek zehaztuko dituzten lehentasunen arabera. Arlokako mahaiez gain, Komunikazio Mahai bat ere egongo da, egitasmoaren alderdi komunikatiboa landuko duena, kanpora begira baina baita barrura begira ere. Bukatzeko, zuzendaritza-lana egiteko, AKEBAI EKIPOA sortuko dugu. Plana martxan jartzeaz eta planaren jarraipenaz eta doiketaz arduratuko da. Urteko kudeaketa-planaren diseinua eta jarraipena egitea izango du eginkizun nagusia.