Euskeraren transmisioari buruzko hitzaldia emango du Paula Kasaresek urtarrilaren 23an Portalean

Aurreratu genuen bezala, abenduan Kike Amonarrizen saioarekin abiatu zen HAMAIKA BERBALDI ekimenak jarraipena izango du aurten eta hemen gaude berriz ere, urtarrilerako prestatu dugun saioaren berri emateko. Oraingoan hizkuntzaren transmisioan ipini nahi dugu arreta eta, horretarako, gai horretan aditua den PAULA KASARES gonbidatu dugu. URTARRILAREN 23an (martitzena), 19:00etan emango du hitzaldia, PORTALEKO ARETO NAGUSIAN, “UMEAK EUSKALDUN HAZTEA HELBURU” izenburuari jarraituta.

Paula Kasares (Iruñea, 1969) Euskal Filologia eta Gizarte eta Kultura Antropologia ikasketak egin eta gero, Soziolinguistika jorratzeari ekin zion eta gaur egun Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da. Bere Doktore tesiak “Euskaldun hazi Nafarroan. Euskararen belaunez belauneko jarraipena eta hizkuntza sozializazioa Nafarroako familia euskaldunetan” izenburua dauka eta, horrez gain, euskararen transmisioari buruzko lan ugariren egilea ere bada. Horrekin batera, Paula Kasares Hizkuntz Eskubideen Behatokiko lehen zuzendaria izan zen, 2001 eta 2003 bitartean. Euskaltzain urgazlea da 2006. urteaz geroztik.

Gaiaren inguruan gehiago sakondu nahi izanez gero, Paula Kasaresek Eibarren, 2013ko maiatzaren 7an Euskararen Transmisioa Mintegian eman zuen hitzaldiaren bideoa ikusteko eta …eta kitto! aldizkarirako egindako elkarrizketa irakurtzeko loturak dauzkazue hemen:

http://etakitto.eus/berriak/elkarrizketak/paula-kasares-soziolinguista-eta-nupko-irakaslea-seme-alabei-hizkuntza-transmititzeko-moduak-euskararen-geroa-baldintzatuko-du.html