Jose Antonio Azpiazu historialari oñatiarrak “Elkano eta Eibarko armak” izeneko hitzaldia emango du urriaren 21ean, udaletxean, 19:30ean “Eibartik Eibarrera” zikloaren barruan
Gure herrialdeak garrantzi berezia lortu zuen armagintzan. Casariego historialariak dioenez, armak Penintsulako hainbat tokitan egiten ziren, baina XIV. mendetik aurrera, arlo honetan Euskal Herriak lortu zuen merezitako sona. Hori baieztatzeko, exenplu apropos eta berezi batera jo genezake: hain zuzen ere, mundubira burutu zuen Elkanorengana. Magallanesen armada prestatzerakoan Errege Katolikoek eta bere menden zeuden mandatariek Euskal Herrian zuten begi bistan eta asmotan. Ez bakarrik armak lortzeko, baita itsasontziak ere, bidaiara atera ziren bost itsasontzietatik gutxienez hiru euskaldunek eginak baitziren. Hori diosku Jose Antonio Azpiazuk.
Historialariak Eibarko eta inguruetako armagintzak izan zuen garrantziaren berri emango digu artxiboetan jasotako hainbat daturen bidez. Adibide horietan ikusi ahalko dugu zenbaterainoko pisua zuen industria puntako hark. Tartean, izen esanguratsuak azalduko zaizkigu, hala nola Juan de Isasi, Juan Martinez de Mallea eta Martin Sanchez de Ibarra. Baina, horiek buruak besterik ez ziren. Haien ondoan langile ugari somatzen dira, egiten ziren eskaera handiei erantzuteko.
Eibar guztia zegoen gertu arma eskaera haiei erantzuteko, historia liburuetan behargin haien izenik agertzen ez bada ere.