Asteartean, maiatzak 17, EUSKARA KIROLEAN euskara sustatzeko saioa izan zen Armeria Eskolan, AKEBAIk antolatua. Eibarko kirol klubetako zuzendaritzako kideei eskainitako sentiberatze saioa izan zen.
Kirolean euskararen erabilera bultzatzeko garbi dago, jokalariak eta entrenatzaileak bezala, zuzendaritza batzordeak ere eragile garrantzitsuak direla. Izan ere, erabileraren aldeko estrategia eraginkorra izango bada, hizkuntzaren kudeaketa zuzendaritza batzordeen agendetan txertatu, eta gaia mahai gainean jartzea ezinbestekoa da. Botereguneetan kontzientziazio lana egin behar da, erabileraren aldeko jarrerak landu eta eredugarritasuna jorratu. Horixe egin zen AHIZEko Jon Eritz Gonzalezek eskaini zigun saioan.
Eibarko 7 kirol taldetako zuzendaritzako kideak bildu ziren Armeria Eskolan: Urki FT, Eibarko Urbat IKE, Ipurua Gimnasia Ritmica, Eibar Igerixan Kirol Kluba, Eibartarrak FT, Eibar Rugby Taldea, eta Eibarko Klub Deportiboa. Jon Eritzek eman zuen informazioa, gomendioak, gakoak… adi-adi entzun ondoren euskararen betaurrekoak jarrita atera ginen guztiok.
Orain klubek hausnarketa egingo dute, eta bakoitzak dituen beharrei egokitutako saio bereziak eskainiko zaizkie irailetik aurrera.