Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herriko 350 bat herrik hartuko du parte EUSKARALDIA egitasmoan, Eibarrek ere bai. Euskaltzaleen Topaguneak eta Eusko Jaurlaritzak abiatu dute ekimena, eta hainbat erakunde eta entitatek bultzatzen dute.
Herrietan batzordeak eratu dira informazioa zabaltzeko eta Eibarren, AKEBAI herri-plataforma ari da horretan. Hala ere, herritarrak aktibatzeko eta zabalkundea errazteko, Hamaikakoak osatuko dira, borondatez “Euskaraldia, 11 egun euskaraz” ekimenean ahobizi, belarriprest eta bihotzgoxo rolen bitartez parte hartzea erabaki dutenekin, eta Eibarko Hamaikakoa atzo arratsaldean aurkeztu zuten: Ane Sarasua, Arrate Balentziaga, Eva Egiguren, Felix Morquecho, Ghita Ourdi, Iokin Elortza, Juan Jose Flores, Mª Jose Iriondo, Mireia Alonso, Pello Osoro eta Zaloa Urain.
Hamaika lagun hauek ekimenaren enbaxadore izango dira eta herritarren parte hartzea aktibatzeko lehen deia egingo dute, ekimenaren berri emango diete inguruko kideei. Hori da, hain zuzen ere, euskarazko harremanak egin eta inertziak astintzeko Euskaraldiak proposatzen duen formula.
Herritarren izen-ematea irailaren 20tik aurrera egingo da eta, horretarako, 16 urte edo gehiago izan beharko da. Aurrerago egingo dira informazio bilerak, azalpenak emateko bisitak… Hizkuntza ohiturak astindu eta euskaraz bizitzeko urratsak ematea da Euskaraldiaren helburua. Bakoitzak hartzen duen konpromisoaren arabera, 11 egunez (azaroaren 23tik abenduaren 3ra) rol bat izango du: ahobizi, belarriprest edo bihotzgoxo. Rolak identifikatzeko bereizgarri bat, txapa bat eramango du bakoitzak.