Agurne Gaubekak “Hizkuntza eskubideak, denon auzia” izeneko berbaldia emango du maiatzaren 17an, 18:30etan, Errebal Plazako hitzaldi gelan

Maiatzaren 17an, asteazkena, Agurne Gaubeka (Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria) izango dugu gurekin hizkuntza eskubideen inguruko hitzaldian. Errebal Plazan izango da, 18:30etan, eta ekitaldia herritar guztientzat zabalik egongo da, dohain.

Hitzaldia “Hamaika berbaldi” barruan kokatzen da. Ekimen hau 2017aren bukaeran jarri zuen martxan Eibarren AKEBAI herritar plataforma eratu berriak. Harrezkero hamaika hitzaldi, tertulia edota mahainguru izan ditugu; hamaika hizlari etorri zaizkigu; hamaikatxo gai landu dira Eibarko hainbat eragilerekin elkarlanean antolatutako berbaldietan. Egitasmoren helburuak ere hamaika dira: herritarrak aktibatzea, hizkuntza eskubideak ezagutaraztea, euskaldunok ahalduntzea, euskararen aldeko diskurtsoa berritzea…

Helburu horiek lortzeko eta erabileran eragiteko garbi dago hizkuntza-ohiturak aldatu behar ditugula eta ezinbestekoa dela euskal hiztunok ahalduntzea eta hizkuntza eskubideak ezagutzea. Horregatik antolatu da hitzaldi hau eta arrazoi beragatik sortu zen 2021ean “Astindu” hizkuntza eskubideen ataria, herritarrei hizkuntza-eskubideen berri emateko, eta horiek bermatu eta errespetarazteko.

“Hizkuntza eskubideak, denon auzia” maiatzaren 17an, 18:30etan, Errebal Plazako hitzaldi gelan.

Gonbidatuta zaudete!