BANDOA 2022

Eibarko hizkuntza-aniztasuna islatzen duen bandoa kaleratu da euskara eibartar guztiona dela aldarrikatuz

Gure herrian 70 nazionalitate ezberdinetako eibartarrak bizi dira, eta beste horrenbeste ama-hizkuntza daude. Hizkuntza da integrazio-tresnarik indartsuena

Historian zehar Eibar beti izan da abegi-herri. Duela urte asko euskaraz bakarrik egiten zen berba; gero, gaztelania heldu zen, jendea hona etorri zelako beste lurralde batzuetatik bizimodua aurrera ateratzera. Halako batean,  60. hamarkadan, euskararen galeraren kontzientzia piztu zen jendartean, eta gau-eskolak, ikastolak eta elkarteak sortu ziren herri-ekimenez. 

Duela 40 urte euskararen bidezidorrak zabaltzen hasi ziren eta orduan kaleratutako Bandoak euskaraz egitea eskatzen zien euskara zekitenei, ez zekitenek ere hizkuntza erabiltzeko aukera izan zezaten. Horixe izan zen Mikel Larrañaga orduko alkateak helarazi zuen mezua. Erabileraren erronka oraindik gainditzeke dago, baina hori ere iritsiko da. 

Orain munduko beste lurralde askotatik gure artera bizi izatera etorri diren pertsonak ditugu herrian, 70 nazionalitate desberdinetako jendea, beste horrenbeste ama-hizkuntza dituzten herrikideak. Jon Iraola alkatearen hitzetan “gizartea asko aldatu da. Orain geroz eta herrialde  gehiagotatik etorritako euskaldun gehiago gara. Eta, horren ondorioz, gure hizkuntza gero eta pertsona gehiagoren hizkuntza ere bada. Eta horretaz harro sentitu ez ezik, goraipatu ere egin behar dugu”. 

Horixe da hain zuzen ere kaleratu berri den Bandoaren mezua: euskara Eibarren bizi diren pertsona guztiena dela, dakitenena, ikasten ari direnena, eta ez dakitenena; guztiona da eta guztiok daukagu eragina euskararen biziberritzean. Ezin diogu bizkarra eman gure herriaren hizkuntza-aniztasun aberatsari. Euskara da bata bestearekin konektatuko gaituen eta elkarrengana hurbilduko gaituen haria, integrazioa deitzen den horren tresnarik indartsuena.

Eta Amets Arzalluz bertsolariak zioen bezala, “euskaldun bat sor liteke Zumaian edo Goiatzen, euskalduna sor liteke Konakryn edo La Pazen, euskara da beltzik beltzen euskara da transik transen, gorputz onartu gabe bat mundu berriak asmatzen, ta ibili gabe inori pasaporterik eskatzen.”