DEBABARRENEKO EUSKARAREN GINKANA: izen-ematea zabalik

DBHko 4. mailako ikasleei zuzendutako lehiaketa da, euskara eta ekologiaren inguruan hausnartzeko.

Kutxa Ekoguneak eta Euskaltzaleon Topaguneak Deba, Mutriku, Elgoibar, Soraluze eta Eibarko udalek eta Eibarren AKEBAI herritar plataformak lagundurik, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko martxan jarri dute Euskararen Ginkanaren Debabarreneko 1. edizioa. Euskararekin eta euskaraz dibertitzeko, taldekako eta herrien arteko lehiaketa da.

1.200 euro saritan

Debabarreneko DBHko 4. mailako ikasleek har dezakete parte, taldeka; gela bakoitzean 4-8 ikasleko taldea aukeratuko dute, gelako ordezkari gisa parte hartzeko. Talde lehiakideek hainbat proba burutu beharko dituzte; euskararekin, hizkuntza aniztasunarekin eta hizkuntza-ekologiarekin lotutakoak.

1. Fasea: INTERNET BIDEZKO PROBAK. 2019ko urriaren 23an hasi, eta azaroaren 20an amaituko da. 4 proba izango dira, Internet bidez erantzun beharrekoak. Webgunean, astean proba bat argitaratuko da, eta astebete izango dute taldeek erantzunak bidaltzeko. Proba horietan puntu gehien lortzen dituzten lau taldeek jokatuko dute 2. Fasea.

2. Fasea: FINALA. Abenduaren 4an jokatuko da Eibarren, Coliseo antzokian. Beste 4 proba burutu beharko dituzte egun horretan, aurrez aurre, eta bertan erabakiko da nor den Debabarreneko Euskararen Ginkanaren talde irabazlea! 1.200 euro banatuko dira saritan.

Izen-ematea zabalik

Irailaren 23tik urriaren 22ra arte izen-ematea zabalik egongo da DBHko 4. mailako ikasleentzat euskararenginkana.eus webgunean.

Izena emateko, 4-8 kidez osatutako taldea sortu eta webgunean dagoen galdetegia bete beharko dute ikasleek, taldearen aurkezpen bideo labur bat bidaltzearekin batera.

Ikasleok, eman izena! Baietz egon Eibarko talderen bat finalean!!!