“EMON ESKUA EUSKERIARI” goiburuarekin ospatuko dugu Euskararen Eguna abenduaren 3an

Euskararen Eguna gero eta gertuago dugu. Aurten, abenduaren 3a domeka izanda, inoiz baino indar gehiagorekin etorriko zaigu eta eibartarron parte-hartzea handiagotzeko aukera eskainiko digu. Eibarko Euskalgintzak eguna benetan berezia izateko asmoarekin antolatutako egitarauarekin bat egin du Eibarren Akebai plataformak. Egitaraua egun osokoa izango da, tartean herri-bazkariak izango duen protagonismo nagusiarekin.

Aurtengo Euskararen Egunak “EMON ESKUA EUSKERIARI” izango du goiburu. Eta eguneko ekitaldietako batek, bereziki, horrekin izango du zerikusia, horma-irudiak osatuko baitira eskuekin. Eibarko Euskalgintzako taldeek asteak daramatzate elkartzen, eguna ahal den eta egokien antolatzeko asmotan. Ikastetxe, kultur, kirol talde eta norbanakoak batzen dituen mahai horrek lan bikaina dihardu egiten, eguna ezin hobetoen pasatzeko. Eibarren Akebai plataformak ekimenari babesa eskainiko dio, ekitaldietako taldearen eskutik batik bat, baina baita baliabideak eskura jartzen ere.

Auzoetatik kantuan
Aipatutako Euskalgintzako Mahaian aipatu zuten Eibarren kantuaren inguruan batzea gustatzen zaigula, kantuan jarduteak jende asko elkartzen duela. “Orain dela urte batzuk Euskararen Eguna kalean abestuz ospatu genuela eta jende mordo batek hartu zuen parte. Hortik ondorioztatu genuen egitarauko zatietako bat abesteari emango geniola”. Aurrekoari gehitu zaio Akebairen eskaera: Guiness Errekorrean parte hartu zuten herritarrak berriz ere aktibatzea. Eta ekimenaren hasiera auzoka egingo da, Guinessean egin zen bezala: Urkizu-behekaldetik abiatuta, Ipurua-Urkitik, Amaña-Legarretik eta erdikaldetik. “Auzoetan 12:00etan elkartu ondoren, abesten joango dira Untzagaraino, han elkartu eta kantuan jarraitzeko. Horretarako bost abesti aukeratu ditugu: `Hiru gizon ilustre´, `Eskuetan´, `Euskararen Txantxangorria´, `Euskaraz bizi nahi dut´ eta `Euritan dantzan´”. Abesti horiek, beste bostekin batera, kantu-liburuxka batean bilduko dira, herritarren artean banatzeko. “Kantu errazak dira, entsaiorik gabe kantatzeko modukoak. Herritar guztiei irekita dago egun berezi horretako ekitaldia. Beraz, animatu! Untzaga jendez bete behar dugu-eta! Jakizue auzoetan-eta emango horren guztiaren berri”. Gazteak ere parte hartzera animatu nahi dituzte: “Koadrilan, lagunekin etor daitezela, giro polita egongo da-eta”.

Horma-irudia
“Emon eskua euskeriari” goiburuari lotuta egingo da horma-irudia, Untzagan; 12:30etik 14:00etara. Oihal luze batzuk jarriko dira, eskuak margoan busti eta oihaletan estanpatuko ditugu, euskerari eskua ematen diogula irudikatuz. Eskuak zikindu nahi ez duenak ez du aitzakiarik izango, eskularruak ere egongo dira-eta. Gero horma-irudi horiek Untzaga inguruan jarriko dira ikusgai egun batzuetan.

Herri-bazkaria
Horma-irudia amaitu ondoren herri-bazkaria egingo da, Untzaga plazan egongo den karpan. 400 lagunentzat izango da lekua. Bazkaria Bizimiña Elkarteak prestatuko du eta paella, postrea eta kafeak osatuko dute. Bazkarirako txartelak honako tokietan daude salgai: Amesti (Amaña), Cepa (Urki), Ipurua (Ipurua), Albert (Txaltxa Zelai), Ez Dok eta Buenos Aires (T. Etxebarria), Manuel (Urkizu), Amañako Ogi-Berri eta …eta kitto! Euskara Elkartea (Urkizu). Prezioa: 7 euro ume, langabetu eta jubilatuek, 10 gainontzekoek.

Erromeria
Bazkalostean izango da, Parrapas taldearen eskutik: talde gaztea, eibartarra eta euskalduna dugu, oso egokia okasiorako. 16:00etan hasiko da eta ordubeteko saioa eskainiko digute.

Gazteak ere parte hartzera animatu nahi dituzte antolatzaileek, “koadrilan, lagunekin etor daitezela, giro polita egongo da-eta”.