Euskaraldiko Herri-Batzordea eratu dugu Eibarren

Eibarren AKEBAIk antolatuta, EUSKARALDIAREN AURKEZPEN EKITALDIA izan genuen atzo Portaleko Areto Nagusian, eta bertan egon ziren Herri-Batzordea osatu duten kideak.

…eta kitto!-ren argazkian Euskaraldiko Herri-Batzordeko kideak

Euskaraldiko Eibarko Herri-Batzordea aurkeztu genuen atzo Portaleko Areto Nagusian. Hainbat eragile sozial eta instituzional, eta baita norbanako euskaltzaleak ere, prest daude AKEBAIrekin batera, lankidetzan, bakoitzak ahal duen neurrian, Euskaraldia antolatzeko gure herrian. Eragileen artean: AEK, Aldatze Guraso Elkartea, Astixa, Dendari Elkartea, Eibar Igerixan, Eibartarrak FT, …eta kitto! Euskara Elkartea, Ipurua Gimnasia Ritmikoa, Jaixak Herrixak Herrixandako, Hankamotxak Bertso Eskola, Matraka Neska Gazte Taldea, Klub Deportiboa, Nalua Feminista Taldea, Ostalaritza Elkartea, Rugby Taldea, San Andres Guraso Elkartea, SD Eibar, Udal Euskaltegia, Udala, UEU, Urbat waterpolo, Urki FT, norbanakoak… Oraingoz horiek, baina espero dugu batzordea osatzen joatea; lagundu nahi duten guztiek izango dute aukera kide izateko.

Aurten KORRIKA eta EUSKARALDIA

Aurten, lehenengoz  izango dira  KORRIKA eta  EUSKARALDIA urte berean. Leloek adierazten duten bezala,  “Hitzekin” eta “Hitzez ekiteko garaia”, hitzaren eta ekintzaren urtea izango da. KORRIKA igarota, EUSKARALDIA prestatzeari ekingo dio orain Herri-Batzordeak. Xabier Zubeldiak, Korrikaren Eibarko koordinatzaileak, pasatu zien atzo lekukoa Euskaraldiko ordezkariei (ahobizi eta belarriprest).

Xabier Zubeldia lekukoa pasatzen
Pozik eta gogotsu hartu zuten lekukoa ahobizik eta belarriprestek

Lekukoa jaso ondoren, AKEBAIko kideek Euskaraldiaren inguruko informazioa eman zuten.

Euskaraldiaren hiru edizioak

2022koa Euskaraldiaren 3. edizioa izango da, eta azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean burutuko da. 15 egunez hizkuntza ohiturak elkarrekin aldatzeko ariketa egingo da Euskal Herri osoan, batera.

2018ko Euskaraldia euskararen erabilera bultzatzeko inoiz egin den ariketa masiborik handiena izan zen, eta ilusioa eta konplizitatea sortu zuen herritarren artean. 2020ko Euskaraldia pandemia betean izan zen, eta osasun egoerak guztiz baldintzatu zuen, bai herrietako batzordeen aktibazioa eta lana, bai ariketa bera. Baina garbi ikusi da Euskaraldiak eragiten duela erabileran eta hizkuntza portaeretan. Hori jakinda, ilusioz, arduraz, gogoz eta emozioz helduko diogu 3. edizio honi.

3. edizioaren ezaugarriak eta berrikuntzak

2022ko Euskaraldiak “Hitzez ekiteko garaia” leloa izango du, eta ariketa soziala azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean egingo da.

Oraingoan ere ahobizi / belarriprest dinamika erabiliko da eta norbanakoez gain, entitateek ere hartuko dute parte ariguneak osatuz. Ariguneak entitateetan (denda, taberna, talde, elkarte, erakunde, zerbitzu, enpresa…) euskaraz lasai aritzeko identifikatzen diren guneak dira.

Aurtengo helburua ariketaren eragina handitzea da; alde batetik, norbanakoek eta entitateek euskarazko praktikak hedatzeko urrats berriak ematea espero da, eta bestetik, ahobizi, belarriprest eta arigune gehiago izatea. Helburua lortzeko ezinbestekoa da Herri-Batzordeak indartzea, eragile sozial eta instituzionalak, zein herritar euskaltzaleak lankidetzan arituta.

Izen-emateari dagokionez, errazagoa izan dadin, aurreko edizioren batean parte hartu zuten herritarrek eta entitateek mezu bat jasoko dute koordinazio orokorretik izen-ematea berresteko, hala nahi badute behintzat, edo datuak aldatzeko. Entitateen izen-ematea ematea zabalik dago (https://euskaraldia.eus/) eta urriaren erdialdera arte aukera izango da horretarako. Norbanakoena, berriz, irailaren 28an hasiko da.

Lorpenak

Urrats berriak ematen dituzten entitate eta norbanakoen lorpenak gizarteratze aldera, ekitaldira gonbidatu ziren aurreko edizioetan parte hartu zuten hiru kide: Leire (belarriprest), Malen (ahobizi) eta Josu (Tekniker entitateko ordezkaria).

Giro ederrean eman zitzaion ongietorria atzo Euskaraldiari Eibarren. Horretan asko lagundu zuten heMeN musika taldeko neskek euren abestiekin eta Jose Antonio Azpilicueta marrazkilariak bere begirada zorrotzarekin.

heMeN taldearen ekarpenaren zatitxo bat
Begirada zorrotza eta bista ona, Azpilicuetarenak