Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Eguna izanik, egun horren bueltan Eibarren antolatu diren ekintzen egitaraua atera du Eibarren Akebaik.
Azaroaren 28an, osteguna, hasiko da Euskararen Hamabostaldia Ana Goitiaren “Katana” bakarrizketarekin. Klub Deportiboan izango da 18:30ean, doan eta aforo mugatuarekin. Ana Goitiak normalean konturatzen ez garen gauzetan jarriko du arreta bakarrizketa honetan, egungo musika eta marketinean, “sold out” aren moda, guraso eta umeak kontzertuetan egotearen moda, matxismoa, lodifobia eta egunerokotasuneko gaiak.
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta egun osoko egitaraua antolatu da. Goizean ikastetxeekin mintzodromoa egingo da Untzaga Plazan, eta arratsaldean, berriz, 18:00etan helduentzako mintzodromoa egingo da, herritarrentzako irekia. Jarraian, 19:00etan, Eibarko Euskalgintzaren eskutik “Ixotu euskeria! Argixa ez dadila emetau!” ekintza egingo da (norberak bere etxetik linterna eraman beharko du).
Abenduaren 11n Andretxeak “euskalgintza eta feminismoa” hitzaldia antolatu du. Euskalgintzaren eta feminismoaren arteko gurutzaketa eta aliantzarako bidea arakatzen dituen “Trikua esnatu da” liburua izango du oinarri hitzaldiak. Hizlariak Lorea Agirre Dorronsoro eta Idurre Eskisabel Larrañaga izango ditugu.
Amaitzeko, abenduaren 12an, osteguna, noka ikastaroa egingo da Andretxean. Hitanoz ari garenean neskei “noka” egiten diegu, eta 2 orduko ikastaro labur honetan Eibarko nokara hurbilpen bat egingo da. Irakaslea Badihardugu elkarteko Aintzane Agirrebeña eibartarra izango da eta izen-ematea beharrezkoa izango da ondorengo estekaren bitartez: https://labur.eus/NokaIkastaroa