Euskarazko bideojokoak ezagutzeko tailerra

Sarean euskaraz dauden bideojokoak ezagutzeko eta haien egoeraren inguruan hausnartzeko tailerrean parte hartu zuten Eibarko gazteek.

Azken urteotan teknologiaren hedapenarekin batera nabarmen igo da bideojokoen erabilera gazteen artean. Bideojoko horietan euskaraz jokatzea, ordea, zailagoa da. Eibarren Akebaik, egoera horri buelta emateko asmoz, hainbat tailer antolatu ditu datozen hilabeteetarako Game Erauntsia plataformaren bitartez.

“Gamer Gela” tailerraren bidez euskarazko bideojokoen berri emango zaie Eibarko gazteei. Ostiralean La Salleko ikasleak ibili ziren bideojoko horiek probatzen, eta datozen hilabeteetan BHIn eta Aldatzen ere saioak eskainiko dira.

Tailer hauen helburu nagusia aisialdian euskararen erabilera sustatzea da bideojokoen bidez, hauen alderdi positiboak ezagutuz eta gizartean elkarbizitzeko konpetentzia sustatuz.