
Argitaratu dugu jada Euskaraldiko abesti ofizialaren Eibarko bertsioa eta bideoklipa!
Jon Alonso abeslariak jarri dio ahotsa Bulego taldearen Gure bihotzaren taupadak abestiari, ODE Taldeko kideen eta Eibarko Koro Gaztearen laguntzarekin.
Bideoklipari KAXA eta Eibarko Dantza Eskola taldeek jarri diete koreografia, eta bideoan Eibarko hainbat talde eta eragile agertzen dira: hala nola, …eta kitto! Euskara Elkartea, Arrate Kultur Elkartea, Kezka Dantza Taldea eta Eibarko Udal zinegotziak. Horiez gain ere, grabaketa eguneko deialdi irekira hainbat eibartar hurbildu ziren, eta Untzaga plazan hartutako irudi horiek ere jasota geratu dira bideoan.
Bideokliparen grabaketa eta muntaia Ara-Lar Visuals enpresako langileek egin zuten Akebairen gidaritzapean, berori izan baita proiektu honen guztiaren ekoizlea.
Bideoklipa YouTuben ikusteko, jo esteka honetara. Instagramen ikusteko, beste esteka honetara.
Oraindik egin ez baduzue, gogoratu Euskaraldia amaitzen den arte aukera duzuela aurtengo edizioan izena emateko, norbanako edo entitate moduan: www.euskaraldia.eus