XVI. Euskararen Sozializazioa eta Transmisioa Mintegia maiatzaren 12an

XVI. Euskararen Sozializazioa eta Transmisioa Mintegiaren egitaraua

Urtero bezala, …eta kitto! Euskara Elkarteak “Euskararen Sozializazioa eta Transmisioa” Mintegia antolatu du Eibarren. Izen-ematea jada zabalik dago.

Mintegiaren helburua euskararen erabileraren inguruan hasunartzea da, batez ere transmisioak duen garrantzia nabarmenduta. Antolatzaileek berebiziko garrantzia ematen diote hizkuntzaren sozializazioari eta transmisioari; hizkuntza erabiltzeko gaitasunaz gain, baloreak eta ardura ere transmititzeko bideak baitira bi alor horiek.

Goiz osoko egitaraua prestatu dute …eta kitto! Euskara Elkarteko kideek: goizeko 08:45ean hasiko da mintegia material banaketarekin, eta, segidan, ongietorria eta irekiera egingo dute antolatzaileek eta babesleek (tartean Eibarren Akebai). Ondoren egitarauko hitzaldi eta solasaldiei ekingo diete, 13:30 ingurura arte. Atsedenaldia eta gosaria ere eskainiko dute, 11:45ean. Egitarau osoa, xehetasun guztiekin, esteka honetan klik eginda ikus daiteke.

Hirugarren urtez segidan, SD Eibarrek Ipuruan duen prentsa aretoan egingo da ekitaldia.

Arestian aipatu bezala, Eibarren Akebaik beste urte batez Mintegia babestuko du. Eibarko Euskara Elkarteak eta Akebaik urte asko daramatzate elkarren arteko lankidetzan eta harreman zuzenarekin jarduten, biek ala biek misio eta bisio oso parekoak baituzte. Euskararen Sozializazioa eta Tranmisioa Mintegia aukera paregabea da euskararen egungo egoeraren berri izateko eta haren inguruan hausnartzeko, bai eta euskararen normalizazio eta sustapenean ari diren tekniko, profesional eta eragileen lanaren berri izateko.

Izen-emate epea jada zabalik dago. Horretarako, esteka honetako formularioa bete behar da.