Kutxa Ekoguneak sustatutako lehiaketa honetan Deba, Eibar, Elgoibar, Mutriku eta Soraluzeko DBH4. mailako gazteek hartu dute parte.
21 talde izan dira guztira, eta horietako lauren artean jokatuko dute finala. Debako Martintxo Arrantzale, Eibarko Ginkanklinak eta Soraluzeko Soragarriak zuzenean sailkatu dira finalera. Laugarren taldea finalean bertan erabakiko da, Debako Sonakai eta Eibarko CD Urki taldeak berdinduta geratu baitira lehen fasean.
Euskararen Ginkana, euskararekin eta euskaraz dibertitzeko sortua eta hizkuntza-ekologiaren begiradatik, hizkuntzekiko jakin-mina, irrika eta ekintzaletasuna pizten duen Kutxa Ekoguneak antolatutako lehiaketa da. Deba, Eibar, Elgoibar, Mutriku eta Soraluzeko Udalen eta Eibarren AKEBAIren babesarekin iritsi da Debabarrenara 100 gazte baina gehiagoren parte hartze zuzenarekin. Debabarrena eskualdeko ikastetxe guztietako DBH4ko gazteak izan dira parte hartzaile eta talde bakoitza bere gelaren ordezkari moduan aritu da lehiatzen.
Urrian hasitako lehen fasean, taldearen aurkezpen bideoa bidaltzeaz gain, hizkuntza-ekologiaren gaiarekin lotutako 4 proba gauzatu behar izan dituzte, lau astetan zehar. Izaera oso desberdineko probak izan dira eta guztiak euskararenginkana.eus webgunearen bidez egin dituzte. Horietan puntuazio altuena lortu duten 4 taldeak izango dira finalean arituko direnak, ikasketa bidaiarako 800€ko sari nagusia lortzeko helburuarekin. Bigarren geratzen den taldeak 200€ lortuko ditu, eta azken bi taldeek 100€ko erosketa bono bana.
Finala Eibarko Coliseo Antzokian
Abenduaren 4an izango da final handia Eibarko Coliseo Antzokian. Eguerdiko 12:00etan hasita, ginkanaren azken 4 probak zuzenean burutu beharko dituzte taldeek, Andrea Covadonga eta Andrea Garcia eibartar bikote artistikoaren gidaritzapean. Finala hasi baino lehen, berdinduta iritsi diren bi taldeen arteko proba bat egingo da, laugarren talde finalista nor izango den erabakitzeko.
Informazio gehiago:
euskararenginkana.eus / euskararenginkana@ekogunea.eus
T- 94 359 11 86 – 661 746 256