Gaur Euskaraldiaren 6. eguna dugu. Izen-ematea itxita dago eta Eibarren 3.700 lagunetik gora daude izena emanda ahobizi, belarriprest edo bihotzgoxo moduan. Horiek dira datuak, baina nola doaz hizkuntza ohiturak aldatzeko ahaleginak? Nolakoa egiten ari zaizue aldean daramazuen txapa/konpromisoa? Orain arteko bizipenak eta hemendik aurrerakoak kontatu eta besteekin partekatu nahi badituzue, bidali helbide honetara eta guk jasoko ditugu. Animo, eta eutsi rolari!
Jakin badakizue Euskaraldiko azken egunak, 11. egunak, abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Egunarekin bat egingo duela, eta egun horren inguruan prestatu diren ekitaldien berri eman nahi dizuegu:
Abenduaren 2an (igandea), herri bazkaria egingo da Untzagako karpan. BAZKARIALDIrako tiketak salgai daude …eta kitto!-n eta Xania, Tarte, Kultu eta Guridi tabernetan, 10 eurotan (7 euro ume, langabetu eta jubilatuentzat). Bazkaria 14:30ean izango da eta Bizimiña Elkarteak prestatuko du: paella, postrea eta kafea. Ondoren, erromeria izango da Iratzar taldearekin.
Erosteko azken egunak dira, beraz, azkar ibili!
Eta abenduaren 3an (astelehena), 19:00etan, denok Untzagara!
Eibarren zenbat ahobizi, belarriprest eta bihotzgoxo garen erakutsiko dugu. Hurbiltzen garen guztion artean horma-irudia osatuko dugu, eta 11 egunetan izandako esperientzen berri emateko aukera ere edukiko dugu. Eta ez ahaztu: HAU HASIERA BESTERIK EZ DA!
Informazio gehiago hemen