
Aurtengo urtearen amaierarekin batera amaituko da 2016an onartu eta indarrean jarri zen “Eibarko hiria: Euskararen Plan Estrategikoa 2016 – 2025“. Plan estrategiko horren indarraldia amaitzen ari den honetan, haren diagnostiko eta balorazio prozesua abiatu berri da, azken hamar urteotan egindako lana xeheki aztertu eta planak eman dituen emaitzak behatu ahal izateko. Horrez gain ere, diagnostiko eta balorazio prozesu honetan bilduko diren iritzi, gogoeta eta proposamenak ezinbestekoak izango dira 2026an diseinatzen hasiko den euskararen plan estrategiko berrirako.
Akebai herritar plataforma Plan Estrategiko hori egikaritzeko eta gizarteratzeko sortu zen heinean, garrantzitsua irizten dugu balorazio eta diagnostiko prozesuaren berri ematea herritarrei. Horregatik, Akebaiko batzar orokorra egingo da urriaren 8an (asteazkena), arratsaldeko 18:30ean Portaleko lehenengo solairuko 1-2 bilera gelan. Prozesuaren berri izan nahi duen oro dago bertaratzera gonbidatuta, bai eta balorazio eta diagnostikoan parte hartzeko interesa duen edonor.