ANIMATU EUSKARALDIRA!

Ondo jakingo duzuen bezala, aurten Euskaraldiaren 4. edizioa egingo da Euskal Herri osoan, maiatzaren 15ean hasi eta 25era arte. Ari da gutxinaka-gutxinaka data hurbiltzen!

Entitateen izen emateak badarama denboratxo bat zabalik, eta pasa den larunbatean, hilak 15, norbanakoen izen-ematea ireki zen. Ordutik eta ariketa amaitzen den arte egongo da izena emateko aukera.

Eibarren AKEBAItik gonbidatu nahi zaituztegu aurtengo edizio honetan parte hartzera: entitate moduan edo norbanako moduan. Izen-ematea Euskaraldiaren webgunean egin behar da, eta nahi izanez gero, bertan topatuko dituzue aurtengo edizioaren nondik norakoak eta informazioa, bai eta ekitaldiaren inguruko berriak.

Izena ematerako orduan Euskaraldian izango duzuen rola hautatu beharko duzue: ahobizi edo belarriprest. Oraindik hautatu ez baduzue edo zalantzatan bazaudete, hona hemen lagungarri bat:

Webguneaz gain ere, aurrez aurre izena emateko aukerak ere egongo dira, kalean jarriko ditugun mahaietan. Hemendik eta Euskaraldia hasten den arte zenbait jarriko ditugu, baina horietako lehenengoa Euskaraldiko Gune Ibiltaria izango da: Martxoaren 27an (osteguna), Toribio Etxebarria kalean egongo gara 17:30etik 20:30ak arte. Hurbildu zaitezte eta eman izena bertan!

Aurrerago egingo ditugun mahaien zein beste edozein ekintzen berri izateko jarraitu AKEBAIren sare sozialak. Bertan egingo ditugu iragarpen guztiak.

Elkar mugituz egingo dugu!