
Pasa den astean Eibarko Udalak San Juan eta Barrena kaleetan dauden botoidun semaforoetako seinaleak aldatu zituen, Astinduren bitartez jasotako kexa bati esker. Aldaketa egin aurretik, bi semaforo horietako seinaleak gaztelera hutsean zeuden.

Herritar batek, hizkuntza eskubideen urraketa hori salatzeko, Astinduren bitartez kexa bat jarri zuen horretaz konturatu zenean. Akebaitik kexa Udalari helarazi genion, eta horren aurrean Udalak bi semaforoetako seinaleak aldatu ditu. Orain euskara hutsean daude seinaleak, argi eta garbi ulertzen baita beren esanahia.
Eibarko paisaia linguistikoa euskalduntzea da egun indarrean dagoen “Eibarko Udalean Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana“ren helburuetako bat, eta Akebaik martxan duen Astindu plataformari esker, Udalak beste pauso bat eman du helburu hori betetzeko bidean.
Gogoratu Astindu Eibarko hizkuntza-eskubideen ataria dela, eta bertan hizkuntza eskubideen inguruko zalantza, galdera, kexa edo iradokizunak partekatzeko aukera duela herritar orok. Semaforoen seinaleekin gertatzen zen bezalako hizkuntza-eskubideen urraketak salatzeko, jo Astindura.