Bertsolaritzaz, euskeraz eta integrazioaz jardungo du Jon Maiak HAMAIKA BERBALDI egitasmoko seigarren saioan

Hamaika Berbaldi egitasmoko seigarren saioa egingo da gaur arratsaldean, 19:00etan Urkizu herri ikastetxean: “Desde Extremadura al bertsolarismo. La historia de una integración” izenburuko hitzaldia emango du Jon Maia idazle, abeslari, bertsolari eta dokumentalistak, gazteleraz, AKEBAIk As Burgas Galiziako Etxearekin lankidetzan antolatu duen berbaldian. Emigranteen semea izanik, euskararekin izandako bizipenak azalduko ditu Maiak eta, horrekin batera, integrazioaz eta bertsolaritzaz ere jardungo du. Maiarentzat ez da izango horrelakoen inguruan hitzaldia ematen duen lehen aldia, azken urteotan herri askotan ibili baita euskera, etorkinak eta integrazioa ardatz dituzten saioak eskaintzen. Gaiarekin interesa izanez gero, hemen daukazue 2015ean Lasarte-Orian Jon Maiak etxe erregional bateko ordezkari batekin izandako elkarrizketa ikusteko aukera.