Aurreko barixakuan egin zen “Euskara eta feminismoa” izeneko bosgarren berbaldia udaletxeko patioan, horretan adituak diren Idurre Eskisabel eta Lorea Agirrerekin. Esan zituztenen artean gauza bat baino gehiago da azpimarratzeko modukoa, baina besteak beste, “euskararen normalizazioa eta genero berdintasuna antzekotasun asko dituzten bi prozesu pertsonal, sozial eta politiko” direla adierazi zuten: “Euskal hiztuna eta emakumea subordinazioan daude. Bien aurkako menperakuntza moduak berberak dira, eta, beraz, subordinazioari aurre egiteko diskurtso eta praktikak partekatzea onuragarri izan daiteke. Bi prozesuek, sozialak eta politikoak direlako, justizia sozialarekin eta demokratizazioarekin lotura estua dute eta, horregatik, boteretze kolektiboaren bitartez, demokrazian sakondu eta biak ala biak subalternitate eraldatzaile unibertsal bihurtzeko bidea ireki daiteke”.
AKEBAIren Hamaika Berbaldi egitasmoaren barruan antolatu da apirileko solasaldia, Arrate Kultur Elkartearekin, Nalua Eibarko talde feministarekin eta Hankamotxak bertso eskolarekin elkarlanean.