Auto-karabanarekin musika auzoetara
Arratsaldeko 17:30etik aurrera Azitainetik abiatuko da Euskararen Eguneko auto-karabana, lau kotxez osatua. Megafoniatik euskal kantak entzungo dira. Herri osoa zeharkatuko du karabanak, eta hainbat geldiune egingo ditu bidean: Urkizun (17:45 inguruan), Untzagan (18:00), Abontzako parkean (18:30), Portalearen atzeko aldean (19:00) eta Sostoatarrenen (19:30). Geldiune horietan …eta kitto!-koek, Kaxa eta Astixako gazteek, Musika Eskolako ikasleek eta AEK-ko ikasleek abesti bat abestuko dute. Etxean dagoen jendeari gonbidapena egiten diote antolatzaileek, leihoetara irten eta eurekin batera abesteko.
“Puntatik puntara zeharkatuko dugu herria, bazter guztietara ailegatzea nahiko genuke eta dei egiten diegu eibartarrei bat egin dezaten ekitaldiarekin. Jende pilaketarik gabe, etxeko leiho edo balkoietara irten daitezela gurekin batera abestera” adierazi dute antolatzaileek.