Euskarari buruzko bizipenak kontatuko dituzte hainbat eibartarrek otsailaren 20an egingo den mahai-inguruan

Hamaika berbaldi ekimenaren barruan, EIBARREN AKEBAIk antolatutako hirugarren saioa izango dugu otsailaren 20an, asteartea, 19:00etan Portaleko Areto Nagusian.

Oraingoan mahai-ingurua prestatu dugu: Nola aldatu diren gauzak, kamarada!  izenburuari jarraituz, hainbat belaunaldiko eibartarrek euskararen inguruan izandako bizipenak kontatuko dizkigute. Horretarako Serafin Basauri, Luis Alberto Aranberri “Amatiño”, Leire Narbaiza, Nerea Barruetabeña eta Beñat Laskurain gonbidatu ditugu. Guztien artean kontatuko dituzten bizipen eta gogoetek, Eibarren euskarak izan duen ibilbidea eta bilakaera hobeto irudikatzen eta ulertzen lagunduko digute. Ez galdu entzuteko aukera!

Galderarik egin nahi? Hemen daukazue aukera!

Bestalde, mahaikideei gustura egingo zenieketen galderaren bat baldin badaukazue buruan, aurretiaz bidaltzeko aukera daukazue, albistearen amaieran dagoen loturaren gainean klik egin eta idatzi galdera, besterik ez duzue egin behar. Horrela, mahai-inguruan Jokin Bergara moderatzaileak zuen galdera horiek egingo dizkie tertuliakideei. Hilaren 18ra arte jasoko ditugu galderak. Animatu!

GALDETU HEMEN