Kirol jardueretan euskara sustatzen

Guztira Eibarko 50 entrenatzailetik gora izan dira Akebaik antolatu dituen sentsibilizazio saioetan parte hartu dutenak.

Saio hauetan kirolak euskararen erabileran eta normalizazioan duen garrantziaz aritzeaz gain, praktikara eramateko adibide eta gomendioak ere azaldu zaizkie. Formakuntza hauetan Uni Eibar-Ermuan “Gizarte eta Kirol Irakaskuntza eta Animazioa” goi-mailako ikasketak egiten dabiltzan bigarren mailako ikasleek hartu zuten parte, eta baita Eibarko kirol klub ezberdinetako entrenatzaileek ere: SD Eibar, Eibar Eskubaloia, Eibar Rugby taldea, Ipurua Gimnasia Erritmikoa, Judo Klub Kalamua eta CD Urki.

Aurten lehen aldiz bi formakuntza mota eskaini zaizkie: aurrez aurrekoa eta online formatua. Aurrez aurrekoari dagokionez urriaren 18an eta 24an egin ziren saioak UNI Eibar-Ermuan eta EBETEk bideratu zituen. Online formatuari dagokionez, berriz, “Artez”-ek eman du formakuntza eta azaroan zehar burutuko dute ikastaroa.