Hilabeteak lanean eman eta gero, geroz eta gutxiago falta da Mogel Isasi BHI ikastetxeko ikasleek prestatu duten “Isaskara” ikuskizun musikalaren emanaldirako. Apirilaren 20an, 18:00etan aurkeztuko dute lana, Coliseo antzokian. Sarrerak 5 euro balio du eta interneten, Kutxabank zerbitzuaren bitartez eros daitezke edo, bestela, antzokiko txarteldegian ere ipiniko dituzte salgai.
Aurreratu digutenez, “Saharar lurretatik ailegatutako neskatila bat izango du protagonista. Hemengo egunerokotasunean murgiltzen hasiko zaigu, zer gertatzen zaion, ingurukoek nola hartzen duten, bertako ohiturak nola deskubritzen dituen eta beste kontu ugari erakutsiko dizkigu lanak. Institutuko eguneroko arazoak agertuko zaizkigu, umore puntu batez, beti ere ikasleen ikuspuntutik. Eurentzat eskola zer den edo nola irudikatzen duten ikusi ahal izango dugu ordubete pasa iraungo duen emanaldian”.
Guraso Elkartearen ekimenez abiatu zen musikalaren proiektua, Mogel Isasi BHI ikastetxeak bere egin du eta Eibarko Euskararen plan estrategikoa aurrera eramateko AKEBAI plataformaren eta Eibarko Udaleko Euskara eta Kultura sailen laguntza izan du.